2024/04/18

⛰️MONT CARO 1442 mt🌲🌲Tarragonako altuena


2024-03-27Gaur bagoaz inguru hauetatik Pirinio aldera. Baina joan aurretik goiza Tarragonako garaiena den CARO mendia igotzeko baliatuko dugu. Badakigu igoera gogor eta luzeak badituela, baina ez dugu denbora gehiegi eta, beraz, igoera arruntena eta motzena egingo dugu. Horrela ba, Sant Carles de la Rápita-tik atera, Tortosa-tik igaro eta Roquetes-etik gora doan errepidea jarraitu dugu Caro aterpearen ondoan dagoen L'Esquirol aparkalekuraino (1062m). Errepide estua eta aldapa handikoa, oso polita. Txirrindularientzat erronka ederra da, Caro tontorreraino igo daiteke eta. Gaur ikusi ditugu batzuk. Kotxez ere igo daiteke goraino, baina ez da gure helburua.

 L'Esquirol-en dagoen mapa. Guk hor agertzen den ibilbide zirkularra egingo dugu, eskuinetik igo eta ezkerretik jetsi. Ez da luzea eta toki dotoreetatik doa. Okerrena hasiera da, km batean errepidea jarraitu behar da eta, Carrasqueta mendateraino.

 Gutxienez loratan dauden gereziondoak ditugu ikusgai. Goikalde hauetan aterpe eta etxebizitza ugari daude basoan sakabanatuta. Aterpea eta jatetxea ere daude.

 Egin dugu errepideko zatia eta hemen mendiko bidea hartuko dugu. Oso ondo balizatuta dago dena. Lehenbizi Coll dels Pallers-era. Igoera lasaia da.


 Bidea basotik doa, gorosti artean.

 Mendateraino bide lasaia, pinu, ezpel eta gorosti artean. 

 Coll dels Pallers. Hemen GR7a utziko dugu eta eskuinera hartuko dugu (igotzen ezkerrera). Balizak ondo adierazten du.
 



 Bi monolito horien artetik gora hartuko dugu. Caro-ren ertzean gaude. Orain marka gorriak ditugu bidea adierazten. Oso ondo dago dena. Ez dago galtzerik.

 Hau atzean uzten ari garena da. Harrigarria da kostatik gertu horrelako inguruak ikustea. Toki basatiak zibilizaziotik oso hurbil.

 Polita da bidea. Lainotuta dago, eta tarteka sirimiri apur bat ere, baina ez dago arazorik.


Tarteka aldapa gogorren bat ere badago. Hemen adibide bat. Monolitoaren ezkerretik igaroko dugu.


 Mediterraniora begira. Hodeitsu.


 Atzera begira. Coll dels Planells erdialdean geratzen da eta aurreko monolito horren eskuinetik gatoz.




Goian dagoen lautada zeharkatzen.


 Atzera begira.

 Goian agertzen dira tontorreko antenak, baina oraindik falta da.


 Ebro-ren deltaruntz begira. Aurreko egunetan hor zehar ibili gara.

Azken zatia. Zaila dirudi, baina bidea ezker aldetik doa, oso ondo landuta.
 Bidezidorra hormen azpitik doa.

 Bart gauean elur apur bat egin du eta toki hezeetan oraindik ikusten da. Baina ez digu igoera oztopatu.

 Tarte batzutan nahiko malkartsua da hormen azpiko bidezidorra.

 Azken igoera nahiko bortitza da, baina erraza. Behean, aterpearen eta aparkalekuaren inguruan dauden txaletak agertzen dira.

 MONT CARO (1442m). Hainbat informazio panel daude, antena eta eraikinen ondoan. Esan dugun bezala, kotxez igo daiteke honera.

 Bezperan ibilitako Fangar penintsula eta Tortosa aldea.

 Lloret sakana eta inguruak. Hortik ere badaude igoera gogorrak. Gu eskuin aldetik etorri gara. 
 Hodei beltzak, baina ez gara busti. Gero horruntz jetsiko gara, ondoren ezkerrera joateko.

  

 Tontorreko parafarnelia. Koadernoak ere badaude, zerbait idazteko.

 Jeisteko beste alderuntz goaz. Hemen ere ondo balizatuta dago bidea. Landaretza ugari bidean.
 Hainbat aldiz zeharkatuko dugu errepidea, baina dena mendiko bidetik beheraino.

 Beti basoan murgilduta. Aparkalekua baino km bat inguruan ateratzen da beheko errepidera, eta ondoren L'Esquirol aparkalekuan itxi dugu ibilaldi zirkularra. Bi ordu eta 45 minututan eman dugu itzulia, nahiko lasai eginda. Desnibela txikia da, eta oso humanizatuta dago ingurua, baina mendiko ibilbidea polita da.


IBILALDIA

2024/04/14

🕊️🦢🐾🌊🌅🏞️DELTA DE L´EBRE

Aste Santua heldu aurretik, hiru egun igarotzera etorri gara Delta de L'Ebre-ra. Egun hauek, ondoren datozenak baino lasaiagoak izango direlakoan gaude. Sant Carles de la Rapita da gure oinarrizko kanpalekua. Ez dugu inguru hau ezagutzen, eta ez daukagu garbi zer egin, baina azkenean eguraldiak jarri dizkigu gauzak argi. Egun nahiko petralak izango dira, euritsuak, baina zerbait ezagutzea lortu dugu.
2024-03-25


 Goizean oinez atera gara Sant Carles-tik, baina laster hasi da euria eta, itzuli ondoren, kotxea hartu dugu mugitzeko. RIUMAR-en gaude, Ebro ibaiaren bokalean. Hemendik ateratzen dira ingurua ezagutzeko itsasontziak.

 Ebro.

 Guk, aterguneak baliatuz, pasiada bat eman dugu ibaiaren ertzetik.








 Arratsaldean L'Encanyissada aldera joan gara. Lastategiz betetako hezeguneak dira eta bertan hegazti eta ahate ugari ikus daiteke.



 Behatokiak daude ingurua hobeto ikusteko, eta gainera euritik babesteko ondo datoz.

 Oso lasaia dago. Batez ere atzerritarrak ikusten dira, furgoneta eta karabanetan, baina ondo.

 Eta argazkilari profesionalen bat ere bai.

       
 Flamenkuak ere oso ugariak dira. Hemendik aurrera, euria barra-barra. Kamera gorde eta herrira.  


    
                                                                                                                     2024-03-26 
 Goizean Fangar penintsula ezagutzera goaz. Horretarako Vascos jatetxe ondoko aparkalekura hurbildu gara. Heldu baino lehen flamenkuak ikusteko aukera dugu.


 Jatetxe ondoan kotxea utzi eta Fangar hondartzatik aurrera goaz, Itsasargira heltzeko asmoz.

 Hemen badabil jendea, batera eta bestera. Dirudienez, ezaguna da. Zerua erabat hodeitsua, eta haize galanta, orain aurkakoa gainera, baina gustora goaz. Alde batean itsasoa eta alboan, dunak.


 Ezkerrean, hesia dago jarrita, dunetara ez sartzeko. Dena dela, toki batzutan, ezinbestekoa da zeharkatzea, uretan sartzea nahi ez baitugu.


 Ordu t'erdiko ibilaldiaren ondoren FANGAR-eko itsasargira heldu gara. Badu misterio kutsu bat, denetarik aparte egongo balitz bezala.

 Itzulera toki beretik noski, baina orain haizea alde, bizkarretik jotzen. Hemen duna baten gainetik.

 Hegazti multzo handia gure aurretik pasatzen. Ubarroiak dirudite.

 Eta haizea lagun, ordubetean egin dugu itzulerako ibilbidea. Hemen Vascos jatetxera heltzen.

 Eta bertan zerbait jan eta edan dugu. Bertako neskak esan digunez, bere aitxitxa zen euskalduna. Sarreran Ongi etorria ematen dute. Gustora egon gara.



 Bazkalostean LA TANCADA aldera joan gara. Hemen denbora dezente egingo dugu, flamenku ugari baitago.

 Urruti daude, baina irudi politak ikusteko aukera daukagu.

 Baina hegoaldetik hodei beltzak hurbiltzen datoz eta laster euritara joko du.



 Hemen ere behatoki bat dago eta oso ondo etorri zaigu, izugarrizko zaparrada bota baitu.


 Flamenkuak lasai daude.

 Hemen bikote bat hegan. Gustora egon gara, baina euriak jarraitzen du eta Sant Carles-era joan gara, babes bila. Bihar ea hemendik gertu dagoen Caro mendira igotzen dugun, Tarragona-ko altuena baita. Eta horrela bukatuko dugu Ebro ibaiaren bokalearen inguruan egindako egonaldia.